Aurreko asteburuko partiduan, Electricidad Perosanz taldeak garaipena lortu zuen AZ Casa de la Rioja Donostiko taldearen aurka 67 – 72 markagailuarekin. Hasieran oso ondo hasi ziren debarrak, baina askotan joku zikina erabiliz, segituan gogortu zuten partidua donostiarrek eta norgehiagoka parekatzea lortu zuten atsedenaldirako. Debasketeko jokalari batzuk partidutik ateratzea lortu zuten eta partidua oso estu joan zen horregatik. Debarrek, ordea, burua hotz mantenduz eta tiro libre garrantzitsu batzuk sartuz, abantaila hartu eta irabazi egin zuten azkenean.
Zalburdi Debasket taldeak, berriz, galdu egin zuen Eibarra egindako bisitan 50 – 44 markagailuarekin. Partidu oso lehiatua izan zen eta azkeneko laurdenera arte ez zen alderik izan. Tamalez bukaeran akats asko egin zuten debarrek eta partiduak ihes egin zien erabaki eskas batzuen ondorioz. Pena izan zen partidu osoan asko lehiatu baitzuten.
Albizu Harategia Debasket neska gazteek ere galdu egin zuten Bera Bera taldearen aurka 18 – 83 markagailuarekin etxean. Oso nagusi izan ziren kanpotarrak eta hasieran debarrek ondo jokatu zuten arren, Bera Berakoak presioaz baliatu ziren baloi asko lapurtu eta saskiratze errazak lortzeko. Berkoa Debasket infantilek, berriz, galdu egin zuten Oiarsori egindako bisitan 29 – 21 markagailuarekin. Lehen laurdenean Debasketek erakutsitako defentsa ezak partidua hautsi bazuen ere, gainontzean aurpegia eman zuten jokalari gutxi eduki arren.
Azkenik, Urkunde Debasket mutil kadeteak ere galtzaile izan ziren Legazpiko Andraitz taldearen aurka 45 – 63 markagailuarekin.